2007-12-09

Zartamo 2007/11/30



Ametsen Museoa (Eidabe). Elexaldeko Kultur Etxea (Zaratamo). 2007.11.30

Hainbat herriko plazatan dantzan jarri eta gero Kanpanolue berbenarekin, amets egitera gonbidatzen gaituzte oraingoan Eidabekoek. Esparru itxirako diseinatua izan den antzezlan honetan, umeei koadroak interpretatzen irakasten zaie oso modu errezan baina efektiboan; adin gabeko ume batek (Aitor Fernandino) ikusten du pixkanaka-pixkanaka zelan museo bat esparru magiko bihurtzen den, hots, zelan ikus daiteken museo bat.

Egiturari begira, hari narratiboa benetan zaindua dela: umea, dena estatikoa eta bizigabea ikustetik, koadroen mugimendua igertzen hasten da; modu berean, beltzatik zuribeltzara ikustera pasatzen da, eta zuribeltzetik koloretara, azkenik, bere amets-koadro propioa amesteko-pintatzeko gauza izatera heltzen delarik in crescendo argi batean, eszena eta aukeratutako koadroekin lotura ederra lortuz.

Pertsonaiak planoak diren arren, ume protagonistak heroiaren bilakaera iniziatikoa lortzen du: ametsetan ikastea bere maisua den alter egoaren eskutik: horren frantziar azentu arraroa duen Margolari jauna (Urko Olazabal), umearen beharretara beti. Pertsonaia hauen lautasuna apurtzeko, hirugarren antzezlearen lan bikaina dago (Naiara González de Olano): protagonisten garapena trabatuz, moztuz eta apurtuz antzezle honek taularatzen dituen hamaika pertsonaiek (atsoa, sorgina, garbitzailea, Menina, Gioconda…) bizitasuna eta erritmoa ematen dizkio antzezlanari, aldi berean publikoaren hezitzailea delarik Margolariarekin bateginik.

Ordura heltzen ez den antzezlantxo honek lengoai eszenikoak nahasten ditu oso modu aproposean: ipuin klasikoaren alde narratiboa, antzerki eta antzezle klasikoen trataera, musika eta koreografiak, irudi plastikoak (bai koadroak, bai antzezleek lortutako eszena estatikoak), clown, txotxongiloaren estetika teloiaren leihoetatik, zinemari keinuak, Lewis Carroll ipuinarekin intertestualitatea, publikoarekin feed-backeko erlazioa, umorea, eskola magistralari keinua… guztia bere momentuan, ondo nahastuta eta hobeto orkestratuta; benetan zuzendaritza eta gidoi lan fina: suitzar erloju baten mekanismoaren antzerako jarioa, sekuentziazioa eta erritmoa baitauka Ametsen Museoak.

Antzezlan umila den arren, ondo egindako, zaindutako eta diseinatutako lanaren ikutua dauka: arina baina sakona, serioa baina umorez betea, klasikoa baina gaur egungoa… ahaztu gabe –eta benetan ikusgarria da- antzezleek lortzen duten isiltasuna horren zaila den publikoaren artean: umeak.


1 comentario:

Anónimo dijo...

http://www.artezblai.com/artezblai/reviews.php?op=showcontent&id=544